XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...); azken batean, oreka ez iraunkor bat eratzea, dominanteen aldekoa, horiek bai bait dituzte ezpairik gabeko eskubideak.

Eta standard bat apailatzerakoan ez litzateke gaizki egonen beste izkuntzetan zer gertatzen den behatzea.

Batzuk, aspaldiko mendeetan ofizializatu eta bateraturik egonagatik ere, badute desberdintasunik frango, eta ez xoilik ortografian.

Batzutan izkuntza idatzia eta mintzatua ahalik eta gehien urbiltzeko urratsak ematen ari dira, ortografia eta idazkera ahalik eta gehien arinduz eta erraztuz.

Bainan hemen ez daiteke serioski eta propioki gai hauetaz eztabaida; hemen izkuntza bat erraz eta ederragoa omen da zeharo baturik baldin badago.

Hau edertasunari buruzko iritziaren berezia! Gainerat, oraintsu artio euskalduna betidanik pragmatikoa izan da; lotuagoa ohitura eta usadioari kodifikatu legeari baino.

Euskalerrian ohiturak egin izan du legea (gurea, araiz) eta ez aitzitik; izkuntza arloan eta gizarte mailan.

Aspaldi huntan, berriz, itsasi xamarra dago dena kodifikatzeko nahikaria; aspaldi huntan itxura eta azala dira konda, ez mamia.

Izkuntzaren arloan iritzi hunen obratzeak haren itotzea dakarke, areago euskara bezalako izkuntza eta kasua denean.

Izkuntza bat giza balio bizia da, era desberdinez osatua.

Era desberdin horiek ez dira derrior baztertu behar bat bakarra autatzekotan.

Hori beharrezkoa izan daiteke batzutan eta ez bestetan.

Kasu ibili beharko litzateke, gainerat, euskararen arloan, beste askotan bezala, zerk balio duen eta zerk ez epaitzeko egoeran ez gaudelakotz.

Zer gerta ereko egoeretan denak du balio, arras ongi frogatzen ez deno.

Eta nor da gauza, orai eta hemen, zinez haren frogatzeko? Eskasian dena da onuragarri eta baliosa; gero ikusiko gerokoak, oraikoak ez bait dira deus galduarazteko uneak, bortxara sobera galtzen ari gara eta.

Hau hola delarik, zer erran ortografiaren batasun osoa izkuntzaren salbatzeko nahitaezko baldintza dela sinestarazi nahi izateaz?.

Orai eta hemen! Ez da sobera sakondu behar hala ez dela ohartzeko, (...).